HEZKUNTZAREN INDARRA

Friday, March 31, 2006

Irakasleak

Lehenik eta behin barkamena eskatu nahi dut hainbeste denboran ez idatzi izanagatik. Batetik lanpetuta eta bestetik informazioa kontrastatu nahian ibili naiz.

Irakasleei buruz arituko naiz gaur. Orain arte aipa bezala, hezkuntza gizarte finlandiarraren oinarrietako bat izanik, nola prestatzen dira irakasleak horretarako? Zenbat urteko ikasketak burutu behar dituzte? Ez da erreza urteetan kalkulatzen, hemengo sistema hain malgua izanik bakoitzaren arabera baita. Baina orokorrean 5 urtekoa omen da. Hori oinarrizko irakasle izateko bakarrik. Zenbat eta maila goragoko irakaslea, orduan eta lan gehiago egin behar da postu hori lortzeko.

Lagun batek prestigioak hortan datzala esan dit: irakasleak jakintsu bezala ikusiak dira hori lortzeko gogor lan egin behar izan dutelako. Esaterako, unibertsitateko irakasleak oso errespetatuak dira eta ez zaie horretarako arrazoirik falta. Esaterako, hona hemen nire irakasleetako batzuk (ni neu ere harrituta geratu naiz beraien kurrikuluma irakurrita):

  • Karmela Liebkind: The relationship between minorities and majorities irakasgaia (gizarte zientzien fakulteatean, gizarte psikologia departamentuan).
  • Raimo Tuomela: Seminar on collective mental states (filosofiako fakultatean).
  • Klaus Helkama: Social psychology of morality (gizarte zientzien fakultatean, gizarte psikologia departamentuan).
  • Ilsa Lottes: Sexuality, Health and Human Rights (gizarte zientzien fakultatean, soziologia delpartamentuan)

Ikaragarria bakoitzak egindako lana bere arloan. Horretaz gain, Karmela Liebkind-ek eta Klaus Helkama-k sei hizkuntza menperatzen dituzte eta ez daukate inolako arazorik lanak hizkuntza horietan irakurtzeko.

Dena dela, batek baino gehiagok pentsatuko duzue kurrikuluma ez dela guztia irakasle ona izateko, eta arrazoirik ez zaizue falta. Niri dagokidanez behintzat, klaseak erabat interesgarriak egiten dituztela azpimarratu nahi dut eta ni pertsonalki oso gustora joaten naizela. Ez da gutxi.

2 Comments:

  • Eskerrak berpiztu zarela! Txarrena pentsatzen hasita geunden,...

    Ia, harira, galdera bat daukat: hemengo unibertsitateko irakasleek ere prestakuntza luzea egiten dute (batzuk, denek ez, argi dago), hau da, karrera amaitzean ikerketa egin behar dute unibertsitateko irakasle izateko (tesia, argitalpenak, ikerkuntza-proiektuak,...). Ikusi dudanez, zuk aipatutako irakasleek ere antzera egin dute, ikerketa eta ikerketa, argitalpenak eta argitalpenak.

    Beraz, zerk egiten ditu desberdin hemengo eta hango unibertsitateko irakasleak? (Desberdintasunik ez baduzu antzeman ez segi irakurtzen) Agian desberdintasuna ez datza hainbeste beraien formakuntzan. Agian desberdintasuna beste faktoreren batean/batzuetan dago: hezkuntzaren inguruan duten kulturan edota ez direla funtzionario egiten,... ez dakit.

    By Blogger karmele, at 4:38 AM  

  • Karmele, oso galdera hona iruditzen zait luzatzen didazuna. Ba al dago desberdintasunik?

    Jendeari galdetuz ibili naiz ea hemengo irakasleak bereziki onak iruditzen zaizkien (atzerritar eta bertokoei, biei galdetu diet) eta iritziak ere era guztietakoak dira. Nik uste hemengo nire irakasleekin oso zorte handia izan dudala baina denetarik aurki daiteke, onak eta txarrak. Baina orokortu nahi izanez gero, maila ona daukatela esan daiteke. Zergatik? Bakoitzak erakusten arloa oso ondo ezagutzen duelako eta beraz badakitelako zer ari diren irakasten. Hau da behintzat ikasle gehienek uste dutena.

    Hala ere, atzo bertokoek kontatu zidatenez, beharbada desberdintasunik balego, horren eragileak hainbat faktore lirateke. Batetik, zuk aipa bezala kultura, bestetik beharrezkoa den formakuntza, baina baita ikasleen hautaketa. Azken honi buruz hurrengoan hitz egingo dut gehiago.

    By Blogger magali, at 1:44 AM  

Post a Comment

<< Home